Oso ohikoa da gizakiengan besteren begian lastoa ikustea eta ez norberarenean zotza. Ez garaz euskaldunak, honetan bere, gizakien miserietatik salbetan, birtuteek definidu beste salatzen gaituez eta.

Sano ezaguna da auskeran (Oihenartengandik bertsino ezbardinetan jasoa, besteak beste Azkue eta Damaso Intza tarteko direzela) Zozoak beleari ipurbeltz errefraua, beste toki batzuetan eta erromatarren garaitik gitxienez, sueteko beste bertsino bat deukona, aurrekoa baxen eperdibaltza, zartaginak lapikoari… dinoan hori, edo zaldizko bertsinoan: astoak mandoari: belarri luze, latinezko jatorrikoa hau bere, auskerazko bertsino exagerauagoa deukona: Astoak gatuari: Beharri luze, Antonio Zavalak Gure Almanaka, 1981tik bildua Esaera zaarren bilduma berria delakorako.

Beleagana eta alkarreri eurak deukiezan okerrak enparauko hegaztiakana gatoz atzera. Lehenago esan dogu zozoak beleari aurpegiratzen eutsola eperdi baltza izatea, eta beleak mikeari bueltetan eutsala iraina. Honek, familia berekoa izan arren balztasuna sabela apaintzen baina eperdia, ostera, harrapetan ez deutson kolore zuri dotoreagaz konbinetan dau. 1596ko Refranes y Sentencias bildumeak emoten dauan bertsinoak (Erroyac miqueari vzpelca) ezaugarri linguistiko interesgarriez ganera, badeuko pudore eufemistikoaren adibide polit bat mikeari “todo negra” geitzen deutsonean, holangoa ez dala, esanda deukogun moduan, eta ez berbaz berbako itzulpenaz eta zuzenbidez tokauko jakon “culinegra”.

Kontua da, mikea beste deskalifikazino baten biktimea dala, aurrekoa baxen gitxi merezidua. Oraingo honetan gabontz lotsabakoa da mikeari akusazinoa egiten deutsona, “buru haundi” kalifikatiboa darabilela. Denok dakigu gabeko harrapakariak, eta horeen artean gabontza ez da libretan, burua lumakaz apainduta deukiela, halango moduan ze burua sano haundia egiten deutsien; baita belarriakaz bere, zapo-hontzaren kasuan legetxe. Altzürüküko Artxu zuberotarra izan zan errefrau batu euana (Hunzac pikari: buru handi = gabontzak mikeari: buru haundi), nahiz eta beharbada nahastu egin zan edo bertsino okerra batun edo atipikoa sikeran.

Hau dinogu, eta holantxerik gaurko post paramiologikoa dediketan detsogun birigarroagana heldu garaz, aurreko errefrauaren bertsino ezagunena eta zabalduena gabontzaren irain bidegabearen hartzailea birigarroa deukona da eta.

Huntzak biligarroari, buru handi!

Landerretxek batzean dau 1925eko bere Erran Zuhurrak bildumatxuan, Azkuek bere aurrekoa aiatetan dauala, baita Mirande eta Peillenek bere Igela euren aldizkari satirikoan (1962-63) y atzenik Gotzon Garatek, iturririk aitau barik.

Ez daigun pentsau, barretz, hegazti honeen biren arteko ezinikusia gure aitua-amandren denporarik datorrenik. Zalgize jaunak (Beltran de Sauguis) XVI eta XVII. Gizaldien artean bizi izan zanak berak batun euzan errefrauan artean "¿Nok nori?" preguntetan eta "Gabontzak birigarroari" erantzuten dauana ikusi geinke. Suposetan dogu orduan denporarako sujeto bardinen arteko auzi bardina epaitzen eudela.

Norc nori,
Hunçac biligarroari